Euskalki

Euskalkien sailkapen modernoa, Koldo Zuazoren arabera
██ Mendebalekoa██ Erdialdekoa██ Nafarra ██ Nafar-lapurtarra██ Zuberotarra██ Bonaparteren garaiko hedadura
Koldo Zuazo eta Bonaparteren mapen arteko alderaketa, euskalki "garbiak" soilik kontuan hartuz.

Euskalkiak euskararen dialektoak dira. Sortzen lehena mendebalekoa izan zen, VIII. mendearen inguruan, Asturiasko erresumak Araba-Bizkaietan zuen eraginagatik segur aski; eta hurrengo mendeetan eratu ziren gainerako euskalkiak. Aurretik, euskarak batasun handia izan bide zuen tarte batez, Erromatar Inperioaren gainbeheratik aurrera; aldi hartan sortu zen Koldo Mitxelenak proposatutako euskara batu zaharra, geroko euskalkien ama-hizkuntza. Geroztik, Euskal Herriak izandako zatiketa politikoen eraginez sortu ziren euskalkiak poliki-poliki bost sorgunetan.[1][2]

1960ko hamarkadaz geroztik, euskara batua sortzeak, euskaldunak alfabetatzeak eta euskaldunen arteko komunikazioa handitzeak bultzatuta, euskalkiak gero eta gertuago daude, gero eta elkarren antz handiagoa dute. Eraginak noranzko guztietan gertatzen ari dira. Esaterako, gipuzkoar askok —eta ez bizkaitar gutxik— natural erabiltzen dute ergatibo pluralerako -ek marka (jatorriz, Euskal Herriko ekialdekoa da), halaxe ikasi dutelako eskolan: Txakurrek hezurra jan dute, eta ez Txakurrak [...], gipuzkeraz esan ohi denez. Gipuzkerak inguruko euskalkiei eta batez ere nafarrerari eragiten die, euskara batuak euskalki guztiei eta, gutxi-asko, denek elkarri. Berdintze prozesu horrek bi eragile nagusi ditu: hedabideak eta irakaskuntza. Hala ere, gaur egungo eten nagusia jadanik ez dago (XX. mendearen bukaeraraino bezala) ekialdeko euskalkien eta mendebaldekoen artean, baizik eta Ipar Euskal Herrikoen eta Hego Euskal Herrikoen artean, estatuen arteko mugak eraginda.[3]

  1. «Araba euskararen lurralde peto-petoa»[Betiko hautsitako esteka], Euskaraba, 2010-02-25.
  2. Koldo Zuazo (2007), «Euskalkien jatorriaz eta bilakaeraz», Berria, 2007-12-09.
  3. Unai Brea: «Batuaren eraginez euskalkiak "gipuzkoartzen"», Argia, 2008-10-12.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne